Egurtek 2026 sariek aurtengo proiektu sarituak ezagutarazi dituzte Bilbao Exhibition Centren egindako ekitaldian. Bertan, egurraren, arkitekturaren eta eraikuntzaren sektoreetako profesionalak, enpresak eta erakundeak bildu dira.

Sariak honako hauek banatu dituzte: Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak; Jose Maria Gonzalez-Pintok, sarietako epaimahaiaren presidenteak eta 2023tik 2026ra bitartean EHAEO-COAVNko dekano izandakoak; Oskar Azkaratek, Baskegurreko zuzendariak; eta Xabier Basañezek, BECeko zuzendari nagusiak.

Eraikuntza kategorian, VAUMM Arquitectura y Urbanismo SLP enpresak garatutako Zarautz Jauregiaren birgaitzea, kultur ekipamendu berri gisa proiektuak irabazi du saria. Egurra proiektuaren ikuspegi orokorrean txertatzeko modua nabarmendu du epaimahaiak; izan ere, materialak, arkitekturak eta xehetasunek batasun sendoa osatzen dute. Horrez gain, bi accesit eman dizkie honako proiektu hauei: Infinito Delicias eraikina, Husos Arquitecturas + Elii [arkitektura-bulegoa] enpresak egina, eta Oceanika Coliving, Bakpak + EOVASTUDIO enpresek garatua.

Barne-diseinua kategorian, Magén Arquitectos estudioaren Zaragozako Unibertsitateko Filosofia eta Letren Fakultatearen birgaitzearen barrualdeak proiektuak jaso du saria. Baloratutako alderdien artean, egurrak proiektuko eremu desberdinetan duen integrazioa nabarmendu da, multzoaren batasuna galdu gabe. Kategoria honetan, Tarte arkitektura, Oliden arkitektura eta Ari arkitektura estudioen DBH Hankaz Gora! proiektuak jaso du accesita.

Produktu Diseinua kategorian, Antonio Jesus de los Aires Solisek garatutako Egurra-egurrarekin lotzeko sistema patentatu berriak proiektuak jaso du saria. Epaimahaiak nabarmendu du unibertsitatearen eta enpresaren arteko lankidetza, teknologia aurreratuetan oinarritutako produktu berriak garatzeko.

Kategoria bereziei dagokienez, Bertako Egurra – Basque Quality saria MUGARA Arkitekturaren Nekazaritza-biltegia Lamixenen proiektuari eman diote. Balorazioan, baliabideen erabilera eraginkorra eta landa-ingurune batean programa sinple batetik abiatuta intereseko proiektu bat sortzeko gaitasuna nabarmendu dira. Era berean, eraikinaren desmuntagarritasuna eta materialarekin, paisaiarekin eta eraikuntza-kulturarekin duen lotura estua azpimarratu dira.

Bois/Egurra/Madera (BEM) kategorian, Bilbao Bizkaia Museoa. Rehabilitación integral del Museo Vasco de Bilbao proiektua izan da irabazlea, VAILLO + IRIGARAY estudioarena. Esku-hartze horren kalitatea eta egitura-berrikuntza, ondarearen birgaitzea eta arkitektura publikoa uztartzeko gaitasuna nabarmendu dira.

Azkenik, Hedapena kategoriako saria Guilllermo Pozo Arribas eta Justo Diaz Diegoren Wooden Life. Madera Técnica en Vivienda Colectiva lanarentzat izan da. Lan horren inguruan, bereziki baloratu da ezagutza teknikoa eta arkitektonikoa modu ulergarri, zorrotz eta erakargarrian zabaltzeko duen gaitasuna.

Edizio honetan jasotako ia 90 proposamenetatik, 20 izan dira finalistak. Proiektuen kalitate-mailak zaildu egin du epaimahaiaren hautaketa. Lanen bidez, egurra proiektu arkitektonikoaren funtsezko elementu gisa kokatu da, akaberetatik eta jasangarritasun-mezutik harago doan eginkizunarekin. Hala, egiturari, itxitura-sistemei, espazioari, altzariei, eraikuntza-berrikuntzari eta arkitektura-hizkuntzari ere lotuta dago.

Egurtek Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du, eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren babesa du, partner instituzional gisa, baita Baskegur-Euskadiko Zuraren Elkartearen, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren, Bilboko Ingeniaritza Eskola/Euskal Herriko Unibertsitatearen, Infoeditaren eta Tecnaliaren laguntza ere sektoreko partner gisa.