BEC aurrera doa suspertzeko bidean: 2021ean 207 ekitaldi antolatu ditu, eta 789.523 bisitari jaso

2021ean, jarduera berreskuratu nahi izan du Bilbao Exhibition Centre-k. Ekitaldia itxi du zifra bikainekin: 45,5 milioi euroko inpaktu ekonomikoa, 959 lanpostu berri eta 5,6 milioi euroko bildutako zergak. Nahiz eta pandemia globala oraindik pil-pilean dagoen, BECen programazioa gero eta dinamikoagoa bihurtu da hilabeteek aurrera egin ahala; horrela, guztira, 207 ekitaldi antolatu ditu, eta haietan 789.523 bisitarik parte hartu dute. Barrutiak Espainiako Turismoaren Kalitaterako Institutuaren zigilua du, COVID-19ari aurre egiteko protokoloagatik, eta 289 egunez egon da okupatuta.

Kalitatezko harremanerako, berrikuntzarako, ezagutzarako eta aisiarako funtsezko eremu gisa aurrez aurreko topaketei balioa ematea erabakigarria izan zen erakusketak egiteko. Haien kopuruak gora egin zuen, batez ere uda ostean. Negozio-ildoari erreparatuz, iaz egindako 207 ekitaldietatik, 26 azokak izan ziren (1.046 erakusketari), 159 konbentzioak eta ekitaldiak, eta 22 Bizkaia Arenakoak.

Lehenengo seihilekoan, nabarmentzekoak dira Desembalaje, Caravaning (formatu monografikoan), Food 4 Future-ren lehenengo edizioa, Japan Weekend Bilbao eta Euskal Encounter. Udako atsedenaldiaren ondoren, FVO-Bigarren Eskuko Ibilgailuen Azoka, Expovacaciones, Retroclásica eta Fun&Serious izan ziren. Erakusketa industrialak izan dira nagusi azken hilabeteetako agendan; haietako batzuk oso ezagunak dira beren sektorean (hala nola World Maritime Week, +Industry eta Imaginenano), eta beste batzuk berriak (esaterako, Steel Tech Congress&Expo, altzairuaren munduko eraldaketa teknologikoari zuzendua). Gainera, apiriletik irailera, BECeko 6. pabiloia Osakidetzaren zerbitzura jarritako txertaketa masiboko zentro bihurtu zen. Hala ere, urte-amaieran, egoera soziosanitarioak okerrera egin zuela ikusita, Bilbao Exhibition Centre-k Umeen Gabonetako Parkea atzeratzea erabaki zuen, nori zuzenduta dagoen eta Gabonetako hitzordu tradizional honek berez zer dinamika duen kontuan hartuta.

Bestalde, BEC Batzarrak eta Ekitaldiak eremuak 2019an erregistratutako jarduera kopurua gainditu zuen 2021ean. Enpresa eta erakunde ugarik aukeratu zuten Konbentzio Zentroa biltzarrak eta bilerak antolatzeko; besteak beste, Prygesa, Boehringer Ingelheim, Bioef, Eitb, Infoedita, Nervacero, Sernivel, Eusko Jaurlaritza, Uniport, Innobasque, Bizkaiko Foru Aldundia, Abitel eta Laboral Kutxa. Guztiek barrutian ezarritako higiene- eta osasun-protokoloak, instalazioen kalitatea, zabaltasuna eta moldakortasuna, eta eremuaz arduratzen den taldearen inplikazioa eta malgutasuna baloratu zituzten bereziki.

Azkenik, Bizkaia Arenan ere jarduera ugari egin dira urte osoan zehar, hainbat formatu eta edukitako ikuskizunen eskaintza zabalari esker. Horrela, BECen negozio-ildo horrek musika-ziklo txikiagoak (esaterako, Zerupeko Gauak eta Candlelight Campari), luzaroan espero izandako ikuskizunak (adibidez, Deforme Semanal eta EuskalGym), eta jende gehiagorentzako kontzertuak antolatu zituen, besteak beste. Hemen, nabarmendu ziren, esate baterako, Hiriko Soinuak, Gatibu, Dani Martín eta Rauw Alejandro, urrian, azaroan eta abenduan.

Jarduera hori guztia sare sozialen kanaletan islatu zen. Haietan, 181.000 jarraitzailek (2020an baino % 5 gehiago) oso adi jarraitu zioten BECen gaurkotasunari. 2021ean plataforma espezifiko berriak sortu ziren Gustoko eta Tendencias Creativas azokentzat, eta orain merkataritza-kanpaina bat jarri da martxan Egurtek, Addit3D eta BeDigital ekitaldiak sustatzeko. Ekintza hauek BECen Eraldaketa Digitaleko Planaren barruan sartzen dira, erabiltzailearen esperientzia hobetze aldera.

Hain zuzen ere, gaur egun, bezero guztiek (erakusketaria, hizlaria, bisitaria edo biltzarkidea izan) online har dezakete parte jarduera guztietan, ekitaldiei lotutako webgune eta aplikazioen bidez, zerbitzu aurreratuak eskaintzen baitituzte. Webguneetan, hainbat gauza egin daitezke; besteak beste, dendan online kontratatzea, B2B bilerak antolatzea, enpresen direktorioa argitaratzea eta kontsultatzea, gonbidapenak eta akreditazioak kudeatzea, eta barrutian publizitatea kontratatzea. Aldiz, aplikazioek beste aukera batzuk eskaintzen dituzte; esaterako, datu profesionalak trukatzea, QR kodeak eskaneatuta kontratuen “CRM” propio bat sortzeko. Horren guztiaren euskarri gisa, 2021ean BECek EBPren barne-kudeaketako sistemaren bertsio berria jarri zuen martxan.

Azkenik, irailean, Be Up BEC kirol-zentro berria inauguratu zen. 5.000 metro koadroko azalera du, eta atariaren ipar-gurutzaduran dago kokatuta. Instalazioetara milaka erabiltzaile bertaratzen dira, Barakaldo ingurutik zein Bilbo osotik, baita arrazoi pertsonal edo profesionalengatik BECetik gertu pasatu behar duten pertsonak ere. Kirol-zentroak bi igerileku ditu: 25 × 10,5 metrokoa eta 9 × 6,5 metrokoa.

2022rako ERRONKAK

BECek optimismoz ekin dio urte berriari. Barrutia prest dago nazioarteko ekitaldi berriak hartzeko. Ekitaldi horietako askok Industria eta Merkataritza Ministerioaren aintzatespena jaso dute berriki, atzerrian duten proiekzioagatik.

Zalantzarik gabe, ekitaldi nagusietako bat Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoaren (BIEMH) 31. edizioa izango da, ekainean. Berriro elkartzeko beharra eta sektorearen goranzko ibilbidea direla-eta, fabrikazio aurreratuan aitzindari diren enpresak bilduko dira berriro erakusketan. Aldi berean, Bilbao Exhibition Centre 4.0 esparru industrial bilakatuko da BeDigital, Addit3D eta IMIC (Industrial Maintenance Innovation Conference) ekitaldien edizio berri bati esker. Gainera, 2022ko egutegian ekitaldi hauek nabarmentzen dira: WindEurope, Egurtek, Food 4 Future, Empack Bilbao, Logistics&Automation Bilbao eta Transport&Delivery.

Azkenik, aisialdiaren atalak mugimendu handiko urtea biribilduko du. Hasiera ez da oso onuragarria izan, Tendencias Creativas atzeratu behar izan baita, baina datozen hilabeteetarako aurreikuspena positiboa da. Horrela, jendeak hainbat azokatan parte hartu ahal izango du (besteak beste, Gustoko, FVO-Bigarren Eskuko Ibilgailuen Azoka, Expovacaciones, Caravaning, Celebra, Desembalaje, Japan Weekend eta Retroclásica), baita emanaldi bikainez gozatu ere (hala nola C. Tangana, Estopa, Bad Religion, Delirium Tremens eta Camilo).

Zeharka, digitalizazioaren alde lanean jarraituko du BECek 2022an, eta lehentasuna ere izango da, jasangarritasunarekin batera. Aldaketa klimatikoa aztertzeko, barrutiaz arduratzen den taldeak, beste 150 erakunderekin batera, Azoka Industriaren Elkarte Globalak (UFI) babesten duen “Net Zero Carbon Events” ekimenarekin bat egin du. Orain arte azoka-industrian egin den elkarlan zabal eta inklusiboena izango da, eta, gainera, sektorea aldaketarako inpaktuen iturri positibo gisa ezagutarazteko balioko du.

 

 

-ek idatzirik|2022-01-13T13:12:35+01:0013 de urtarrila de 2022|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top