Berrikuntza energetikoa eta teknologikoa izan da hizpide World Maritime Week-en bigarren edizioan

  •  CO2 isuriak murrizteari buruzko araudi berria, offshore energia itsas sektorerako negozio-aukera handi gisa eta portuen eraldaketa industriala eta belaunaldi txandaketa arrantzaren sektorean izan dira otsailaren 12tik 14ra Bilbao Exhibition Centre-n egin diren Sinaval, FuturePort, Eurofishing eta Marine Energy Week kongresuetako hitzaldien eztabaidagai nagusiak.
  • Hiru egun horietan zehar, ehun bat enpresak beren lana azaldu dute Luxua pabiloian; bertan, ekonomia urdina deiturikoaren azken berritasunak ikusi ahal izan dira.
  • Oraingoan ere, B2B topaketak izan dira nazioarteko itsas sektorearen maila goreneko azoka honen erreferentzia nagusia. 458 bilera egin dira bi egunetan.
  • FINE sarien laugarren edizioan, gehien nabarmendu direnen lana saritu da, kategoria hauetan: itsasontzia, ontziola, enpresa armadorea, ingeniaritza-proiektua, erakundea eta profesionala; horretaz gain, sari bereziak izan dira arrantzaren, portuen eta itsas energien sektoreetarako.

Hiru egunetan, Bilbao Exhibition Centre trebakuntzako eta ikaskuntzako eskola-ontzi handi bat bihurtu da. Bertan, 2.000 pertsonak baino gehiagok entzun dituzte nazioarteko enpresa armadore eta enpresaburu nagusiek ekonomia urdina deiturikoaren orainari eta etorkizunari buruz egin dituzten hausnarketak. Europar Batasunaren azken txosteneko datuen arabera, industria horrek 566.000 milioi euro fakturatzen ditu, 174 milioiko balio erantsia sortzen du, eta ia 3,5 milioi pertsonarentzat sortzen ditu lanpostuak. Euskal ontzigintza-sektoreari dagokionez, eta Euskal Herriko Itsas Foroaren datuen arabera, iaz 2.840 milioi euro inguru fakturatu ziren, eta 13.735 lanpostu sortu.

Hau esan zuen Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak BEC-eko auditorioan egin den World Maritime Week-en bigarren edizioari hasiera emateko osoko bilkuran: «Itsasoa eta berrikuntza teknologikoa Euskadiko jarduera ekonomiko eta industrialaren bi alderdi erabakigarriak, bereizezinak eta adierazgarriak dira». Tapiak azaldu zuenez, «XXI. mendeko arrantzak teknologia eta teknika berriak darabiltza, eta, haiek erabiltzeko, ezagutza berriak dituzten pertsonak behar dira; arrantza horrek, jasangarria izan eta ingurumena errespetatzeaz gain, eraginkorra ere izan behar du». Azkenik, sailburuak offshore energia aipatu zuen. Haren hitzetan, «aukerak zabaltzen ditu, teknologia eta industria sortzeko eta garatzeko, haren emaitzak esporta baitaitezke, eta mundu osoan aplikatu». Hala ere, Tapiak esan zuenez, «lortu nahi ditugun helburuetatik urrun gaude» eta «ahalegin handiagoa egin behar da» energia berriztagarria sortzeko.

Arantxa Tapiak World Maritime Week-i ofizialki hasiera emateko antolatu zen saioaren buru Espainiako Itsas Klusterreko eta Ibaizabal taldeko presidente Alejandro Aznar izan zen, eta hauek hartu zuten parte: Xabier Basañez, BEC-eko zuzendari nagusia; Imanol Pradales, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatua; eta Eusko Jaurlaritzako zenbait sailburuorde, hala nola Javier Zarraonandia (Industria), Bittor Oroz (Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politika) eta Jon Azkue (Lana eta Gizarte Segurantza). Hauek ere izan ziren haiekin batera: Iñigo Ansola, EEEko zuzendari nagusia; Antonio Garamendi, Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioko presidentea; Ricardo Barkala, Portuko Agintaritzako presidentea; eta Vicente Reyes, Gobernuaren Bizkaiko ordezkaria.

Besteak beste, Louis-Dreyfus taldeko presidente Philippe Dreyfusek, Suardiaz taldeko presidente Juan Rivak eta Alejandro Aznarrek berak hitz egin zuten biltzarretako mahai-inguruetan: Sinaval, ontzigintzaren sektoreari buruzkoa; FuturePort, portuen sektoreari buruzkoa; Eurofishing, arrantzaren sektoreari buruzkoa; eta Marine Energy Week, itsas energia berriztagarriei buruzkoa. Hain zuzen ere, trantsizio energetikoa nabarmendu da gehien itsas foroan, negozio-aukera garrantzitsua baita sektorerako.

Garraioa deskarbonizatzen hasteak energia-iturri berriei emango die bide; adibidez, itsas elektrizitate eolikoa. Gainera, kutsadura nabarmen murriztuko duten ontzi berriak eraikitzea ahalbidetuko du. Honela azaldu zuen Suardiaz taldeko presidente Juan Rivak: «2030n, deskarbonizazioa izango da hizpide, CO2 isuriak % 40 murriztu beharko baitira. Horrek aldaketak ekarriko dizkio sektoreari, eta prest egon behar dugu horretarako». Iberdrolako Berriztagarrien Alorreko negozio-zuzendari Xabier Viterik oso argi ikusi zuen «itxuraz lan handia izango dutela ontziolek, itsaspeko kableen fabrikatzaileek eta energia garraiatzeko enpresek». Viteri offshore industriaz ari zen; haren aurreikuspenen arabera, Europak hirukoiztu egingo du offshore ahalmena, eta Asiak eta Pazifikoak, berriz, hamabost aldiz handituko dute.

Teknologia berriei buruz ere hitz egin da World Maritime Week-en edizio honetan, energia-teknologiez gain; horren haritik, portuen eraldaketa digitalari eta portu berdeei buruzko hainbat hitzaldi izan dira. Ikuspegi gizatiarrago batetik, arrantza-ontzien belaunaldi-txandaketa eta hari aurre egiteko modua izan ditu eztabaidagai mahai-inguruetako beste batek; bertan, Pasaiako, Asturiasko Printzerriko eta Galiziako (Celeiro) ordezkariak izan dira.

ERAKUSKETA-GUNEA

Bestalde, Luxua pabiloian, ehun bat enpresa izan dira bisitariei sektoreko azken berritasunak aurkezten. Bertan izan dira Estatuko ontziola eta enpresa garrantzitsuenak; besteak beste, Navantia, Zamakona, Armón, Emerson, Man, Finanzauto, Bombas Azcue eta Murueta. Bertaratuek argi ikusi dute ontziola eta enpresa horietako batzuek gaur egun duten lan-zama handia. Horrela, Euskal Herriko Itsas Foroko presidente Javier López de Lacallek aitortu zuen 2019 «nahiko ona» izango dela, ontziolek urte osorako baitute lana; gainera, esan zuenez, «hitzarmen posibleak» negoziatzen ari dira, eta agian datozen hilabeteetan izango dituzte emaitzak. Bestalde, Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioko presidente Antonio Garamendik hausnarketa hau egin zuen: «Espainian ontzi-enpresa gehiago egongo balira, ontzi-eskari eta lan-karga handiagoak egongo lirateke ontzioletan, eta hori onuragarria izango litzateke industria laguntzailearentzat ere».

FINE SARIAK

Tradizioari jarraikiz, astearte-gauean, gala-afari bat egin zen Ercilla hotelean. Bertan, IV. FINE sariak banatu ziren, enpresek eta partikularrek itsas sektorean egiten duten ahalegina saritzeko. Hauek izan ziren saridunak: Oizmendi, Ibaizabal taldearena, Itsasontzi nabarmendu gisa; Astilleros Murueta, Ontziola nabarmendu gisa; Naviera Elcano-k Armadore nabarmenduaren saria jaso zuen; Ocean Master-ek Ingeniaritza-proiektu nabarmenduaren saria bereganatu zuen; Espainiako Ozeanografia Institutuak, Erakunde nabarmenduarena; eta Cotenaval-eko zuzendari José Pobletek, berriz, Profesional nabarmenduarena. Sari horiez gain, sari bereziak eman ziren sektore batzuetan. Esaterako, arrantzaren sektorean, Balfegó taldeari eman zitzaion saria; energia berriztagarrien sektoreetan, Nautilus Floating Solutions-ek Nautilus proiektuan egindako lana nabarmendu zen; eta portuen sektorean, berriz, Enagás-ek jaso zuen estatuatxoa, Core LNGas Hive proiektuagatik.

Bizitza osoko ibilbide profesionalari dagokion ohorezko saria Grupo Arbulu taldeko presidente eta bazkide Luis Arbuluk jaso zuen. Grupo Arbulu itsasontzietako elektronikan diharduen munduko talde nagusietako bat da. Bestalde, epaimahaiaren hitzetan, ahaleginaren, dedikazioaren eta pasioaren saria Cepesca-ko idazkari eta Europêche-ko presidente Javier Garati egokitu zitzaion. Azkenik, FINE sarien epaimahaiak aipamen berezi bat egin nahi izan zion G. Junquera Marítima taldeari, aurten ehun urte beteko baititu. Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuorde Javier Zarraonandiak taldeko presidente Teresa Fernández Marmiesseri eman zion saria.

|2019-02-14T17:45:20+02:00February 14th, 2019|Albistea @eu|0 Iruzkin

Utziguzu iruzkin bat