Musika BECera itzuliko da Zerupeko Gauak ekimenarekin: bertako dorre ikusgarrian afaldu, eta kontzertu bat entzun ahal izango dute entzuleek

Bon Jovi eta Sabinari omenaldiak izango dira uztaileko gauetako lehenengo emanaldiak

Musika BECera itzultzen da. Berriro entzungo dira musika-notak Bizkaiko azoka-esparruko txoko guztietan, Zerupeko Gauak ekimenari esker. Bizkaia Arenaren azken proposamen honek musika eta gastronomia uztartzen ditu uztaileko gau-ekitaldietarako. BEC Dorre enblematikoan izango dira topaketak, haren 300 m2-ko terrazan. Plaza kopurua mugatua izango da, 100 pertsonentzat, eta osasun-egoeraren ondorioz ezarritako segurtasun-neurri zorrotzei jarraituko zaie. 52 metroko altueran, BEC Dorrea azoka-esparruko toki ikusgarrienetako bat da, Bilboko metropoli-eremuaren zati handi baten ikuspegi panoramikoa eskaintzen baitu.

Zerupeko Gauak ekimenak eskaintza desberdina eskaini nahi du udako gauetako aisiarako. Asmo horrekin, BECek bi zatitan banatu du proposamena: lehenengoa, gastronomikoa, afaria izango da, kalitatezkoa, eta ekimen honetarako berariaz prestatutako menu bikain bat eskainiko du; bigarrenean, eguraldiak laguntzen badu, aire zabaleko kontzertu bat izango da, Estatuko omenaldi-banda garrantzitsuenetako batzuekin. Horri esker, zuzeneko musika bueltan da Bilbao Exhibition Centre-n formatu intimoagoan. Gainera, ongietorri-koktel bat eskainiko da eta, kontzertua amaitutakoan, BEC Dorreko terrazan chill out giroan eman ahal izango zaio amaiera gauari.

 

BON JOVIK ETA JOAQUÍN SABINAK EMANGO DIETE HASIERA ZERUPEKO GAUEI

Zerupeko Gauak ekimenaren lehenengo bi saioak uztailaren 3an, ostirala, eta 11n, larunbata, izango dira. Runaway taldea arduratuko da kontzertuei hasiera emateaz, Bon Joviri eta bere 80ko hamarkadako hard rockari omenaldia eginez. Talde bilbotarrak New Jerseyko taldearen abesti arrakastatsuenak ekarriko ditu, eta ikusleak zirraraz beteko ditu, bi orduz, Livin’ on a Prayer, Runaway, Always… entzunez.

Talde estatubatuarraren Espainiako zaleen klub ofizialak esan duenez, Bon Joviri egindako omenaldirik onena da. Runaway-ko kide nabarmenena Pedro Moreira da, adituen arabera haren ahotsa Jon Bon Jovirenaren oso antzekoa baita. Taldean beste bost kide daude, eta guztiek eskarmentu handia dute musika-sektorean.

Bestalde, Zerupeko Gauak ekimenaren bigarren saioan Joaquín Sabinari egingo zaio omenaldia. Pacto entre caballeros taldeak kantautorearen benetako estiloari jarraikiz eskaintzen du ikuskizuna, eta Sabinaren beraren emanaldi onenak gogora ekartzen dituen taldeko estetika erabiltzen du. Boskote honetako kide nagusia Julián de Eusebio da; ahotsa jartzen du, eta gitarra eta harmonika jotzen ditu. Hark bideratzen ditu entzuleak Andaluziako musikariaren ibilbidean barrena, hainbat abesti interpretatuz; besteak beste, 19 días y 500 noches, Pacto entre caballeros, Y nos dieron las 10 edo El mes de abril.

Bizkaia Arena eta Bilbao Exhibition Centre irrikaz daude formatu handiko kontzertuak agertokietara noiz itzuliko. Baina, hori gertatu bitartean, Zerupeko Gauak ekimenaren bidez berreskuratuko nahi izan dute musika-jarduera. Irabazi asmorik gabeko ekimen honek, bere elkartasuna erakutsi nahi izan dio COVID-19aren krisiak bereziki gogor kaltetu dituen bi sektoreri: musikariak (batez ere hain ezagunak ez direnak) eta ostalaritza.

Sarreren erosketa: https://ticket.kutxabank.es/bec/public/janto/

-ek idatzirik|2020-06-18T14:19:07+02:0018 de ekaina de 2020|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top