Steel Tech, maila goreneko topaketa altzairuaren sektorean

Topaketaren bigarren edizioa 2023ko urriaren 25etik 27ra bitartean egingo da BECen

Steel Tech, Congress & Expo topaketa egiteko sei hilabete baino gehiago falta diren honetan, dagoeneko zehaztuta du kongresuaren edukiaren zati handi bat. Hitzordua urriaren 25etik 27ra bitartean egingo da Bilbao Exhibition Centren eta hitzaldiak altzairugintzarekin lotutako berrikuntzarantz eta teknologiarantz bideratuko ditu. Programaren protagonistak izango dira, hain zuzen ere, enpresa erabiltzaileen ikuspegia, kasu praktikoak eta enpresen soluzio berriak.

Kongresua 5.0 Industriaren inguruko osoko bilkurarekin inauguratuko dute. Horren ondoren, eta “Jasangarritasuna” izenburupean, lehen eguneko kongresuak industria siderurgikoaren erronka eta joera nagusiak jorratuko ditu: altzairu berdea, deskarbonizazioa (CO2 jasotzeko teknologiak, garraioa, biltegiratzea eta H2 eta beste alternatiba batzuk erabiltzea); ekonomia zirkularra (hondakinen kudeaketa adimentsua); eta energia-iturri berriak, besteak beste.

Bigarren eguneko egitaraua bi saiotan banatuko da: lehenengoa “Lankidetzarako plataformak-Kasu praktikoak” gaiari buruzkoa izango da eta gai hauen inguruko hitzaldiak eskainiko dituzte: soluzio logistikoak, beste sektore batzuekiko mendekotasuna eta elkarlana, elkarlaneko zerbitzuak, taldeak eta proiektuen kudeaketa adimentsua. Ondoren, jardunaldiaren bigarren panelaren protagonista “Erresilientzia” izango eta honako hauek izango dira mahaigaineratuko dituzten gai batzuk: hiperautomatizazioa – kostuak aurreztea – (automatizazioaren eta machine learningaren eta AAren arteko konbinazioa); multicloud inguruneak eta monolitoaren haustura (predikziozko azterketa, energiaren kudeaketa – mikrozerbitzuen arkitektura)

Kongresu-bloke bakoitzaren amaieran, “gizakiaren arretaguneari” buruzko mahai-ingurua egingo da, garrantzi handiko gai hori saio bakoitzaren arabera egokituta.

Bestalde, STEEL TECHeko erakusketa-gunean izango dira sektore siderurgikoko balio-kateko maila ugarietako enpresa hornitzaileak. Kalitatezko gunea izango dute haien produktu eta zerbitzuak ezagutarazteko eta orain arte bertan izango direla baieztatu duten enpresa erakusketarietako batzuk dira hauek: Sarralle, Sorsa, Lechler, Kalfrisa, Jaso Industrial Cranes, GH Cranes & Components, Deguisa eta Ceit BRTA.

STEEL TECHek gune berean izango ditu kongresuetarako eta erakusketarako gunea, eta networkingekoa. Azken gune horretan egingo dituzte, hain zuzen ere, B2B topaketak erakusketarien, babesleen eta nazioarteko VIP gonbidatuen artean hitzartutako bilerekin. Siderurgia arloko sektoreko planaren baitan (ICES España Exportaciones e inversionesekin sinatutako hitzarmenaren bidez garatutakoa, eta produktuak, makinak eta ingeniaritza uztartzen dituena), STEEL TECHek 25 herrialde ingurutako maila handiko erosleen alderantzizko misioa antolatu du. Misio hori herrialde horietako bakoitzean Espainiak dituen bulego ekonomikoekin eta komertzialekin elkarlanean bideratzen da.

Enpresa gonbidatuak dira Estatu mailan eta nazioartean altzairuaren ekoizle eta transformatzaile nagusietako batzuk eta enpresa baitan erabakiak hartzeko gaitasuna duten langileena da bertaratuko direnen profila.

STEEL TECHek, gainera, poster teknikoen gunea eta Innovation Workshop izenekoena izango du, eta beste era bateko jarduerak ere eskainiko ditu: bisita teknikoak lantegietara, afterwork ekitaldi bat eta galako afari bat. Afari horretan banatuko dituzte, hain zuzen ere, Steel Tech sariak.

Hitzordua Bilbao Exhibition Centrek eta Siderex-ek antolatu dute UNESIDen- Enpresa Siderurgikoen Batasuna-, SPRI Taldearen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta IDOMen babesarekin.

-ek idatzirik|2023-02-17T14:25:00+01:0017 de otsaila de 2023|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top