Zerupeko Gauak irailean itzuliko da BEC Dorrera, Manolo García, The Police eta Pink Floyd gogora ekarriz

Bon Jovi, Sabina eta ABBAri egindako omenaldietan txartel guztiak agortu ziren, eta bertaratuak oso gustura agertu ziren antolaketarekin eta bertako segurtasun-neurriekin

 

Musika BECera itzultzeko konpromiso gisa sortu zen, eta, hiru emanaldiren ondoren, hotsandiz esan digu agur, irailera arte. Bizkaia Arenako Zerupeko Gauak ekimen gastronomiko eta musikalak erabateko arrakasta izan du udako lehenengo hiru emanaldietan, Bon Jovi-ri, Sabinari eta ABBAri omenaldia egin dieten taldeekin; halako arrakasta izan dute, ezen sarrera guztiak saldu baitira emanaldi guztietan. Hori dela eta, Bizkaia Arenako arduradunek zikloa iraileko eta urriko gauetara luzatzea erabaki dute, halako beste hiru talderekin. Oraingoan, ondorengoei egingo zaie omenaldia: irailaren 19an, Manolo Garcíari, bai bakarka bai taldean (Los Burros eta El último de la fila) egindako ibilbideari; irailaren 26an, The Police-ri; eta urriaren 3an, Pink Floyd-i.

Zerupeko Gauak udako gauetako aisiarako eskaintza interesgarri gisa gailendu da. Bitan banatzen da haren proposamena (afaria eta kontzertua), eta BEC dorreko terrazan egoteko aukera eskaintzen du, 52 metroko altueran, Bilbo metropoliar osoari begira. Gainera, egun bizi dugun osasun-egoera kontuan hartuta, hiru emanaldietan segurtasun-protokolo zorrotz bat ezarri da, hainbat neurrirekin; besteak beste, eserleku kopuru mugatua (ehun bat pertsona), mahaien arteko tarte zabala eta musukoaren erabilera.

Hain zuzen ere, segurtasunaren alderdiak jaso du bertaratuen balorazio onena hiru emanaldietako bakoitza amaitutakoan egindako gogobetetasun-inkestetan. Gehienetan, jendea eroso eta lasai sentitu da, eta era honetako esaldiak erabili ditu: «Talde txikia izateak segurtasuna ematen du gaur egungo egoeran» edo «Ondo antolatuta dago: mahaiek eta aulkiek zenbakiak dituzte, eta segurtasun-tarteak eta higiene-neurriak betetzen dira». Segurtasunaz gain, jendeak beste alderdi batzuk ere nabarmendu ditu; esaterako, «aretoaren akustika» eta aparkalekuaren kostua sarreren prezioan sartzeko erabakia.

Horiek horrela, eta lehenengo hiru saioen arrakasta ikusita, Zerupeko Gauak irailean itzuliko da, eta zuzeneko musika gehiago ekarriko du BECera.

 

BESTE HIRU KONTZERTU IRAILEAN ETA URRIAN

Irailaren 19an, Manolo, El Burro y Cía taldeak El último de la fila eta Manolo García omenduko ditu. Taldea 2012. urtearen hasieran sortu zen, eta kantautore katalana eta haren musika-ibilbide emankorra omentzen ditu; ez dira faltako haren abestirik esanguratsuenak. Taldeak dioenez, ikuskizunak ordu eta erdi baino gehiago irauten du, baina oso dinamikoa da, eta jendearekin parte hartzen du. Manuel Reyesek, Juanjo Fronterak, Woody Amoresek eta Rubén Rubiok osatzen dute taldea.

Udako geldialdiaren ondorengo bigarren saioa The Police-ri eskainita egongo da. Irailaren 26an izango da, Synchronicity taldearen eskutik. Taldeak dio ahaltsua eta konpaktua dela. David Porterok (ahotsa eta baxua), Edu Zafrak (gitarra eta ahotsa) eta Dani Ortínek (bateria) osatzen dute hirukotea, eta Newcastleko taldearen zuzenekoetako energia eta indarra islatzen saiatzen dira. Walking on The Moon, So Lonely, Roxanne… Musikak laurogeiko hamarkadara eramango ditu bertaratuak, ingelesen urrezko garaira.

Azkenik, Pink Floyd-en abesti mitikoek BEC dorrea hartuko dute, Pink Factory Band-i esker. 2012. urtearen amaieran bildu ziren betiko lagun batzuk, eta proiektu musikal horri forma eman zioten. Besteak beste, album klasikoak eskainiko dituzte; esaterako, Dark Side of the Moon, Wish You Were Here eta The Wall. Manu Magdalenok (gitarra eta ahotsa), Elis Casadok (teklatuak eta ahotsa), Txus Morejónek (saxofoia, ahotsa eta teklatuak), Oscar Nietok (gitarra), Yul Bakerok (baxua) eta Ernes Sánchezek (bateria) osatzen dute taldea. Urriaren 3an izango da emanaldia.

 

Sarreren salmenta:    https://ticket.kutxabank.es//bec/public/janto/

-ek idatzirik|2020-11-03T12:09:35+01:0029 de uztaila de 2020|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top